Sos Iruña Veleiak eskatzen du Julio Nuñez kargutik kentzea. JM Elexpuru.
Prentsa-ohar hau bidali zuen atzo SOS Iruña-Veleiak:
SOS Iruña-Veleiak Julio Nuñez kargutik kentzea eta indusketak bertan behera uztea eskatzen du
Bere egunean iragarri genuen bezala, Gasteizko 1. Epaitegiak tramitera onartu zuen 2016ko apirilaren 5ean Sos Iruña-Veleiak Julio Nuñez Marcen-en aurka jarritako kereila, ustezko ondarearen aurkako kalteen delituagatik eta justizia oztopatzeagatik. Aztarnategiaren egungo zuzendaria eta Euskal Unibertsitate Publikoko irakaslea da Nuñez jauna. Epailearen autoan txostena eskatzen zitzaion Arabako Foru Aldundiari, kereilan zehazten diren gertakizunei buruzko azalpenekin. Epaitegiak jakinarazi digunez, aldundiak bi hilabeteko epea eskatu zuen txosten hori burutzeko, eta oraindik ez omen da agiri hori iritsi.
Bestalde, EHUko Letren Fakultateko iturrietatik jakin dugu Julio Nuñez Marcen jauna irakaskuntzatik kendu egin zutela probisionalki kereila jarri baino lehenago, publiko egin ez diren arrazoiengatik. Aurrekari hauekin, SOS Iruña-Veleiak pentsatzen du irakaskuntzarako gai ez den pertsona batek ezin duela aztarnategi arkeologiko bat zuzendu, eta horregatik beste behin ere exigitzen dio Arabako Foru Aldundiari ken dezala kargutik Julio Núñez Marcén jauna, aztarnategiarentzat arriskutsua dela uste duelako. Era berean, beharrezkoa ikusten dugu hamar urterako sinatu zen Plan Zuzendaria delakoa bertan behera uztea, eta ondorioz aztarnategiko indusketa oro gelditzea, irekita dagoen auzi judiziala itxi eta eztabaidan dauden materialak benetakoak ala faltsuak diren erabaki arte.
Gasteiz, 2006ko maiatzak 23.
SOS Iruña-Veleia