Iruña-Veleia argitzearen aldeko gose greba uztailaren 23tik. Euskeraren jatorria.

Iruña Veleia 13357 azken afariaIruña-Veleia argitzearen aldeko gose greba uztailaren 23tik

Iruña-Veleia argitzearen aldeko gose greba

Iruña-Veleiako epaia kaleratu da. Faltsutzat hartu dituzte. Hala ere, Iruña-Veleia ARGITZEKO modu bakarra ZIENTZIAREN bidea da, ez bide judiziala. Bertan gertatutakoa argitzeko helburu bakarrarekin, uztailaren 23an GOSE GREBA mugagabea hastera goaz.

Grafitoak faltsuak direla esateko erabili duten analitikak ez du inolako berme zientifikorik: egin duen laborategia ez da inpartziala izan, euskalduntze berantiarra bultzatzen duen erakundearen adar bat delako; egin duen teknikariak ez du inoiz grafitoen dataziorik egin, hau da, ez du inolako eskarmenturik arlo honetan; erabili duen metodoa ez du inork erabili munduan orain arte, beraz ez da fidagarria eta ez dago zientifikoki kontrastatuta; eta, larriena, grafitoak faltsuak ez zirela zioen beste txostena (Antelo) ez dute epaiketan aztertu, horren egilea ez zen epaiketara joan eta epaileak ez du kontuan hartu.

Gainera  grafitoak egiazkoak izan daitezkeela dioten  20 txosten-irizpen baino gehiago daude, 2.700 orrialdeekin, hainbat herrialdetako eta arloko adituek eginda, euro bat kobratu barik eta euren prestigioa jokatuz: Edward Harris, Antonio Rodriguez Colmenero, Ulrika Fritz, Miguel Thomson, Txillardegi, Henrique Knörr,  Joaquim Baxarias, Luis Silgo, Hector Iglesias, Juan Martin Elexpuru, Alicia Satue, etab.

Horregatik, Euskal Autonomia Erkidegoan egingo diren hauteskundeen ondoren osatuko den Eusko Jaurlaritzari, alderdiei eta politikariei, 12 urte luzez hartu ez dituzten ardurak hartzea eskatzen diegu. Gure ordezkari politikoek beren erantzukizuna hartzeko garaia da.

Gure gose grebaren helburua, legebiltzar berriak zientziaren bidea aurrera eramateko erabaki irmoa onartzea da, ondorengo bi puntu hauekin:

1.  INDUSKETA KONTROLATUAK: Parteekin zerikusirik ez duten arkeologo entzutetsuek indusketa kontrolatuak egin ditzatela Lurmenek grafitoen agerlekutzat seinalaturiko lekuen inguruetan.

2.  GRAFITOAK DATATU: Piezen lagin bat Arkeometrian adituak diren Europako laborategi desberdinetan aztertzea.

Aski da!!! Euskal Herriak bere hizkuntza, historia eta ondarea zein den jakiteko eskubidea du.

Iruña-Veleia argitzearen aldeko gose grebalariok.