Iruña-Veleiako egia. Patxi Zabaleta. Naiz eta Berria.

13401 Iruña VeleiaIruña-Veleiako egia. Patxi Zabaleta. Naiz.

Iruña-Veleiaren egia. Patxi Zabaleta. Berria

Sententziak sententzia, batzuen batzuk faltsuketa orokor eta osoa idazkunen ezinezkoa dela pentsatzen jarraitzen baitugu. Iruña-Veleian azaldutako idazkunak edo grafitoak benetakoak direla uste sendoa dugunok egiatik lehen baino hurbilago gaudela iruditzen zait Gasteizen 2020an emandako bi epaiak eta gero; eta, batez ere, azken hamar urte hauetan egindako azterketen eta beste aurkikuntzen ondoren, nahiz itxuraz bestelakorik eman. Iruña-Veleiako aurkikuntzen eztabaida modu zientifikoan erabaki eta ebatzi beharko dela esaten dugunok egiatik lehen baino hurbilago gaude orain; bereziki, indusketa haietan aurkitutako ostrakak «pieza edo zati arkeologikoak» direla juridikoki finko ezarrita gelditu ondoren. Izan ere, bi epai horietako bat finkoa da; Escribano jaunaren kasuan emandakoa, hain zuzen ere; besteari, berriz, helegiteak jarri omen dizkiote. Biak dira aintzat hartu beharrekoak; bien arteko azterketak baitu agerian jartzen eztabaida zientifiko baten aurrean gaudela; eta ez lehia juridiko baten baitan.

Beraz, Iruña-Veleiako indusketan azaldutako idazkunak edo grafitoak dituzten ostraka fisikoak aro erromatar berantiarreko «pieza arkeologiko autentikoak» direla juridikoki ezarritta gelditu da epai finko batean; hau da, ondare publikoko ondasunak direla, legearen arabera. Aitorpen juridiko tinko horren lehen ondorioa da «pieza arkeologiko benetako» horiek haustea, desegitea, ezabatzea, kaltetzea edo galtzea delitua dela. Arlo honetan urrats erabakigarria bilakatu da Oskar Escribano Sanz jauna zigortuz 2020-02-03an emandako epaia eta alde guztiek onartuta finkoa bilakatu zena, 2020-06-08ko epaia ez bezala, azken honi baitzaizkio helegiteak ipini. (Jarraitzen du).