http://www.gara.net/paperezkoa/20090219/122813/eu/Iruna-Veleiako-auzia-ez-dago-itxita
Iruña-Veleiako auzia ez dago itxita
Orain dela bi urte eta erdi pasatxo Iruña-Veleian aurkitutako ustezko idazkunak iragartzeak sortu zituen zuhurtzia eta ezin disimulatuzko ilusioak ezinikusiak eta frustrazio bihurtu dira. Bide okerretik abiatutako auzia bide okerretik daramate oraindik aldeek. Atzo, Arabako Batzar Nagusietan, auziaren azken kapitulua gertatu zen… oraingoz. Lorena Lopez de Lacalle Kultura diputatuak aurkikuntzen benetakotasuna zalantzan jartzen zuen txosten bat ezkutatu izana egotzi zion Arabako Museo Arkeologikoko zuzendari Amelia Baldeoni. Astelehenean, berriz, Baldeonek esan zuen erantzukizunik bere gain hartu behar izango balu, bera «laugarrena» izango litzakeela erantzukizunen hurrenkeran, Aldundiko arduradunen atzetik, alegia. Auziak jarraitzen du, beraz, modu tristean jarraitu ere.
Baina aurkitutako epigrafeen ustezko faltsutasunaren gaineko eztabaida ere ez dago itxita. Aitzitik, gaur GARAk eskaintzen duen erreportajeak erakusten duenez, Interneten inoiz baino biziagoa da, eta hura bideratzen duten orrialdeek bisitari ugari dituzte. Hori euskal herritarrek beren historiaz eta kulturaz duten arduraren isla da, alde batetik; baina, bestetik, agerian uzten du herritarrek ez dutela ontzat jotzen kontu hori nola eraman duten, ezta Adituen Batzordeak ateratako ondorioa ere hein handian, eztabaidan parte hartzen duten lagun askoren blogetan ikusten denez. Auzia ofizialki bukatutzat jo zutenean, ordu arte izan ez zuen bizitasuna hartu zuen Interneten eztabaidak, harriduratik ezadostasunerainoko iritziei bide emanda, tartean zalantzak eta susmoak ugari direla.
Auzia ez dago itxita, edo gaizki itxita dago. Arabako Aldundia Adituen Batzordearekin ixten saiatu zen; hala ere, Kultura Saileko aurreko taldea gaizki kudeatzen hasi zena, ondoren hedabideetako txutxu-mutxu bihurtuta, zaila zen ixtea edo, behinik behin, ondo ixtea. Erantzukizunak dituen orok horiei aurre egin beharko lieke, zalantzarik ez, baina instituzioek erantzukizunak banatu ez ezik, bereak onartu ere egin beharko lituzkete.