Sustatu n ezabatu duten azken mezua:
Veleiako 2004. urteko komunetako kasua
Igandea, abenduak 19, goizeko 9:30etan
Bi aldiz saiatu gara testua igotzen Veleiako 2004. urteko komunetako kasua izeneko gai barruan, eta, ikusi dugunez, “Arabako Iruña eta XIX. mendeko medikuntza” artikuluarekin Sustatuk egin zuen moduan, gai hau berriro ZENTSURATUTA DAUKA. Ez digu uzten komentariorik sartzen. Beraz, ez gara, aurrekoan bezala, bost aldiz, aste betez, saiatuko ea zentsura hesia zabaldu duten gaia amaitutzat ematen denean. Nahikoa da atzokoa (hasieran sartu zena) eta gaur igandean bi saio. Ez dugunez lortu, gai honi buruzko Ostraka euskalduna eta Martin Elexpururen blogera testu hau bidali dugu, interneteko nabigatzaileek iruzkin hau ezagutu dezaten.
Igandea, abenduak 19, goizeko 9:15ean
Larunbat honetan, gaueko 22:00etan ondorengo testua jarri genuen eta Sustatun argitaratu zen. Gaur igandea, abenduak 19an, goizean, gure harridurarako testua ezabatuta dagoela ikusi dugu. Zorionez, ordenagailuan gordeta genuen gehiena –ez jarri genuen testuaren azken bertsioa-, eta, berriz ere igotzen saiatuko gara. Ea oraingoan Sustatuk zer egiten duen:
Larunbata, abenduak 18, gaueko 22:00etan
Sustatu, Elkar bezala, sinismena galtzen ari da. Orain hilabete bat argitaratu genuen artikulu baten harira, “Arabako Iruña eta XIX. mendeko medikuntza”, hainbat eritzi egon zen eta gure azken iruzkina, aste betez, Sustatuk zentsuratu egin zuen. Lau aldiz igo egin genuen eta ez genuen jaso gure posta elektronikoan ditxosozko lotura onartzeko.
Ezin izan genuen sinetsi, behin, bi aldiz, hurrengo egunean berriro, handik bi egunetara berriz ere… 4. saioa egin ondoren eta iruzkina argitaratzen ez zela ikusita, mezu bat bidali genuen Code Syntaxera, Sustatuz arduratzen den enpresara eta ez genuen erantzunik jaso.
Hori ikusita, beste mezu bat bidali genuen Goienara, horiek ere webgune honen sustatzaile gisa agertzen direlako. Haiengandik, handik gutxira, erantzun adeitsu bat jaso genuen, esanez, haiek ez zirela Sustaturen ildoaz arduratzen.
Bosgarren saioan, hau da, bi enpresetara mezuak bidali ondoren, sartu zen. Guk egindako azken komentario hori Iñaki izeneko bati faltsutasunaren alde esandakoari erantzutekoa zen. Noski, aste betez, bere hitzak hor geratu ziren eta eztabaida amaitutzat bezala geratu zen.
Orain Sustatuk, epaileak eta akusazioak (Eliseo Gilek) jaso ez duten txosten bat hamaikagarren aldiz aipatzen digu, Berriak orain urtebete egin zigun antzera (beste alderdiari iritzia galdetu gabe noski nahiz eta goitik behera larrutu). Aldundikoek txosten grafologiko misteriotsu hau Epaileari eman ez badiote, argi dago zergatik izan den, ez duelako ezertarako balio.
Barkatu… bai balio duela, euskal prentsari esker, oraindik beste txostenak, Descartesena, edo kolarena ez dakiten batzuk engainatzeko oraindik balio du, alajaina.
Sustatuk gai honetan hartu duen jarrera ikusita pena ematen digu. Hedabide batek jakin behar du distantzia mantentzen, alderdi baten alde ez egiten, inpartziala izaten saiatu behar da. Sustatu, Berria (partzialki bada ere) eta Elkar hirurak batera, euskararen kontra El Correok hasi zuen gurutzada honen aktore nagusiak bihurtu zaizkigu oraingoan. Bai, gai honetan, txosten grafologiko hauetan El Correok, Berriak, Sustatuk eta Elkarrek bat egin dute, %100ean.
Bitxia da prozesu hau, hau da, lehenengo erdal prentsak kanpaina hastea eta nahiko beranduago euskal prentsak segida ematea gai honi. Badirudi erdaraz etorritako mezuak ez zirela euskaldunentzat hain sinesgarriak eta, taktika aldatu behar izan dutela.
Gurutzada honetan, noski, euskal filologo bik erantzukizun osoa dute. Lakarrak eta bere abizena euskaraz idazteko gai ez den Gorrotxategik. Arabako Iruñako ostrakengatik gaur egungo euskal filologiako puntu gutxi batzuk aldatu behar direla ikusita, eta lan hori egiteko ez gaitasunik, ez mailarik ez dutela ikusita, artilleria osoarekin ari dira, faltsutasunarekin, espainiar inteligentziarekin bat eginda (Nuñezen batzordean dauden 20tik 18 hortik datoz, ze pasada ez?).
Nahiz eta haien ideiak mahai baten defendatzeko gai ez izan! Batek esan duen moduan, “cuando estaban desenterrando las ostracas estaban enterrando el protoeuskera de Lakarra”. Esaldi batean auzi guzti hau edonork ulertzeko moduan azaldu digu.
Mitxelena, etorri mesedez, zure dizipulu harro (Lakarragatik) bezain ezjakintsu hauek (biengatik) bere lekuan jartzera, arren.
Egia esan ez dago txarto Arabako Aldundiarekin harreman onak izatea. Orain gutxi Arabako Hitza abian jarri da eta eskertzekoa da Aldundiak Berriari emandako laguntza. Zinez pozten gara euskaraz informatuta egoteko emandako aurrerapauso honegatik baina atzean besterik ote dagoen pentsarazten digu. Sustatuk ere baten-baten faboreak irabazi nahi ahal ditu?
Esklaboen garaian bezala, haiek maneiatzeko zer hobeto beste esklabo batzuk baino. Euskaldunak engainatzeko ere, espainiar batzuk ekarriko balizkigute ez lirateke hain sinesgarriak izango (nahiz eta batzuk bai ekarri dizkiguten badaezpada). Euskara jipoitzeko askoz hobeto beste euskaldun batzuek egitea. Negargarria.
Iruña Veleia argitu.