Vaskoniako historia bat: euskalduntze berantiarra
Duela 25 urtetik, Santimamiñen, Finagan, Buzagan, eta batez ere, Aldaietan, borrokarako aizkora izugarriz eta bi ahoko ezpatatzarrez armatutako gerlari-familien hainbat hilobi aurkitu dituzte adituek, eta Erromatar Inperioa desegin zenetik bisigodoen garaira arteko urte ilunen inguruan ustez genekien guztia hankaz gora jarri dute. Adituen ustez, oso litekeena da urte haietan eragin germaniarreko Baskonia bat sortu izana, ez-godoa; hau da, baskoien euskara Euskal Herriaren mendebaldeko lurraldeetara –gaur egungo Euskal Autonomia Erkidegora– zabaldu zuen Baskonia bat.
Josu Venerok (Bilbo, 1962) 20 urtetik gora daramatza ikus-entzunezkoen munduan lan egiten. Telebistarako 25 telesail eta dokumental baino gehiago zuzendu eta errealizatu ditu; gehienak, artean espezializatuak. Gaur egun, Guggenheim Bilbao museoko dokumental guztien zuzendaritzaz arduratzen da. Alberto Santana (Bilbo, 1960) Historian lizentziatu zen. Ikerkuntzaren arloko hainbat argitalpen eta lan egiteaz gain (gehienak, Euskal Herriko historiari buruzkoak), dokumental eta telesail batzuetako gidoilari eta argumentu-sortzaile gisa lan egin du.