Idoia Filloy eta Eliseo Gil arkeologoen prentsaurrekoa Gasteiz 2016-11-18. JM Elexpuru.

Eliseo Gil Gasteiz 2016-11-18Prentsaurrekoa Gasteiz 2016-11-18. JM Elexpuru.

Zortzi urte linborik ilunenean

Lerro hauek berrirakurtzean, ezin izan diot eutsi joan den asteleheneko ilargi ikusgarriari begiratzeko tentaldiari; ikuskizun kosmikoa, agian hedabideek neurriz kanpo puztu dutena. Horien arabera, 2034ra arte ez da beste horrelako batez gozatzeko aukerarik izango, eta neure buruari galdetzen diot ea ordurako egoki konpondua izango den Iruña-Veleia auzia, esku arteko gaia, hain zuzen. Izan ere, bihar, azaroak 19, betetzen dira zortzi urte kalbario amaiezin bihurtu den hau hasi zela.

Ez gatoz erruki eske, baina amesgaiztorik gaiztoenean ere ez zitzaigun inoiz bururatuko aurkikuntza arkeologiko batzuk hainbeste oinaze ekar zezaketenik. Izan ere, egun negargarri hartan eta hurrengoetan gauzatu zen ekaitz perfektua, aurkikuntzak gertatu ziren ia une beretik mamitzen hasi zena. Gure iritziz, hainbat interesen konfluentzia gertatu zen, eta ekaitzak aurrean eraman zuen itxura batera etorkizun oparoa zuen errealitatea. Kontserbadurismo karpetobetonikoaren jarrera zaharkituenek aurrez diseinatua zuten aurkikuntzen karakterizazioa, eta zehatz-mehatz beteko zen idatzi gabeko araua, hau da, ikerketa alorreko berrikuntzei ezarri ohi zaien erresistentzia; lehenengo eta behin, aurkikuntzak barregarri jarriko zituzten. Izan ere, aurkikuntzen ondorioek pitzatu egin zezaketen mundu akademiko hispaniarreko zenbait sektoreetan, eta baita euskaldunetan ere, hain sakon errotuta dagoen statu quo-a.

Esan behar,Iruña-Veleiako aurkikuntzen artean eztabaida handiena piztu duen gaiaz ari garela, euskarazko testigantzen agerpenaz; hauek, aurkikuntzen kronologiaren arabera, inperio erromatarraren garaira eramango gintuzkete, hau da, egungo euskal lurralde penintsularraren euskalduntze berantiarra defendatzen duen historiografiak aldarrikatzen duena baino mende batzuk lehenagora. Gauzak horrela, Historia akademiako kide baten xelebrekeriei kasu egitera, “konspirazio nazionalista” baten aurrean geunden, “ezinezkoa zen lekuan” aurkitu zirelako euskarazko testigantzak, Araba lurralde “zeltikoa”omen zelako orduan, eta berandu euskaldundu omen zelako. Diagnostiko horren aurrean, foru administrazioak (nazionalista, hain zuzen, garai hartan) nonbait pentsatu zuen aita santua baino papistago agertu behar zuela, eta aurkikuntzak guztiz arbuiatu zituen; erabaki politikoa baina ez zientifikoa. Eta zer esan “zientifiko laguntzailea” deitzen zen Batzordeaz, irregulartasunak bata bestearen gainean pilatuko zituena, modu leunean esanda. Zehazki, Arkeologia saileko irakasleak zeuden Batzordea osatu zuten EHUko irakasleen artean, eta horietako batek, Julio Nuñez jaunak, ordezkatuko gintuen Iruña-Veleiako aztarnategiaren zuzendaritzan, oraindik formula zehatza ezagutzea lortu ez dugun hitzarmen edo kontratu ilun baten bidez. Horrela hasi zen aztarnategiaren aro berria, ilunpea eta ezkutukeria nagusi izan dituena bere historian; eta alderdi humanoari dagokionez, emaitza deigarria izan da: zuzendaritzatik kendu edo “apartatu” egin dute zuzendari berria, aldi baterako, hori bai, bere burua epaile eta parte ezarri zuen gizona, “interesen gatazka” kontzeptuak inolako kezkarik sortzen bide ez ziona.

Gaur gogora ekartzen ditugun egun haietan hasi zen hedabideen (gain)aktuazioa ere, batez ere horietako batena, herrialdeko prentsaren dekanoa, hain zuzen, bere burua aurkikuntzen zigortzat hartu zuena, eta “aulki zigorraren” bozeramalea, hizketan ari zaizuen zerbitzari apal honen aurka. Horrela, ni kondenatzera bideratutako dozenaka orrialde irakurtzeko pribilegio mingotsa izan dut, norgehiagoka asimetrikoan beti, ernegua nuelarik baliabide bakarra, non nire duintasuna zikindua ikusi dudan imaginatu ezin daitekeen mugetaraino. Gauza gutxi esan daiteke beste hedabideez, gehienetan isiltasun “errukiorra” erakutsi dute, aurkikuntzen gai honek izan dezakeen bigarren fasearen aurrerapen gisa edo; hau da: ez dakite ezer aurkikuntzei eta haien ingurukoei buruz. Izan ere, urte hauetan dozenaka txosten egin dira aurkikuntzak benetakoak izan daitezkeela eta indusketak ondo egin genituela esaten. Hala ere, isiltasun zapi batek estali du hau guztia. Adibide bat aipatzearren, Rodriguez Colmeneroren eta Harris doktorearen iritzi esanguratsuak ez-ikusi egin dira olinpikoki eta ez dute oihartzunik izan hedabideetan, edozein herri zibilizatutan luze eta zabal komentatuak eta kontrastatuak izango zirenean. Ematen du bertsio ofizialarekin desadostasuna agertzeko beldur sakona nagusitu dela, patologiaren mugetaraino heltzen den autozentsura gogorra onartuz.

Ezin aipatu gabe utzi auzi triste honen alderdi judiziala, garaiko foru-taldeak hartutako erabaki politikoen beste ondorioetariko bat. Gauza jakina denez, oraindik instrukzio fasean jarraitzen du, 2009ko hasieran zuen aurrean dagoen honen aurka aurkeztutako kereilak. Ezagutu den auzirik luzeenetarikoa, Euskal Herriko audientzietan irekita dagoen prozesurik zaharrena izatearen nola-halako pribilegioa duena. Esan bezala, 2009an onartu zen tramitera, eta poliziaren instrukzioa amaituta eta dozenaka txosten mahai gainean egon arren, Prozedura Kriminalaren Lege berriari helduz eta Fiskaltzaren eskariz, lege terminologian “konplexutzat” definituta, joan den irailean Iruña-Veleiako auziaren instrukzio fasea 2017ko maiatzaren 29ra arte luzatu zuten; hori da auziaren epemuga, eta orduan erabaki beharko dute artxibatu ala ahozko epaiketa egin. Zalantzarik gabe, beste mugarri bat aurkikuntza hauen historia penagarrian eta beste bidegabekeria bat zuekin dagoen honi ezarritako “aulki zigorra” areagotzen diona.

8 urte beteko dira, beraz, instrukzio fasean, 8 urte linborik ilunenean, seinalatua eta iraindua, etorkizuna hipotekatua, de facto kondenatua iritzi publikoaren aurrean. Oso bidai luzea izan da, zeinean, zorionez, ez naizen bakarrik egon; publikoki eskerrik beroenak eman behar dizkiet era desinteresatuan beren laguntasuna eskaini didaten pertsonei eta kolektiboei. SOS Iruña-Veleia, Euskeraren Jatorria eta Martin Ttipia elkarteei, “Asteazkenak” kolektiboari, eta era altruistan epaitegirako txosten sakonak nire defentsan egin dituzten ikertzaileei; luzeegi joko luke denak izendatzeak, baina gonbita egiten dut txostenok www.sos-irunaveleia.org gunean irakurtzera eta www.amaata.com eztabaida foroan parte hartzera.

Nire eskerrik sentikorrenak adierazi nahi dizkiet ekitaldi honetan beren presentziarekin lagundu didaten guztiei. Nik neure zintzotasuna, zuzentasuna eta errugabetasuna eskaini dezaket bakarrik ordain gisa, hain jipoituak izan diren tasunak, baina orbanik gabe dirautenak, nire ustez. Eta, bukatzeko, espero dezagun dena ondo bukatuko dela, eta zenbat eta lehenago, hobe.

Eliseo Gil Zubillaga, Lurmen

Gasteiz, 2016-11-18

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude