Henrike Knorr zendu zen duela 9 urte. Blog xume honetan ere bazuen bere loturatxoa. Beti gogoratuko dugu zer pozarekin kontatzen zuen Iruña Okan azaldu zirela euskaraz 70 bat esaldi motz (jan edan lo) eta ehun baino hitz gehiago… loturatxo bat beretzat eta doluminak senideei. Henrike Knorr hil zaigu loturatxoa beretzat.
2008an Henrike Knorri omenaldia: “Bere ezpalekoak ez izanagatik, Henrikeren heriotzak begiak zabaldu dizkigu eta konturatu gara Iruña Okako aurkikuntzen aurrean defendatu duen jarrera zaila, ausarta eta konprometitua. Orain beranduegi, jabetu gara euskaldunak bezala zein bakarti utzi dugun batzutan, adibidez, Iruña Okako ikertzaile batzordearekin batera komunikatua sinatu zuenean 2006-11-23an lehen aipatu bezala. Orain utzi gaituenean konturatu gara zein den komunikatuaren garrantzia, filologo euskalduna eta euskaltzaina bakarra defendatu duena Iruña Okako euskara zaharra. Bakarti utzi genuen eta damu gara. Aitortu nahi diogu bere jakinduria, duintasuna, poza, ausardia, jarrera, euskara moderno eta zaharraren defentsa zaila, ausarta eta trinkoa tamalez azkeneraino. Agur eta ohore Henrike Knörr filologo euskalduna. Doluminak senideei.
Henrike Knörr filologoa eta euskaltzaina hil zaigu. Iruña Okako aurkikuntzei dagokiolarik ez da aseptikoa izan, maitasunak eta afektibitateak zuzendu du bere jarrera eta uste dut euskaldun askoren ordezkari bilakatu dela. Bere ahotik zuzenean entzun izan genuen eta egunkari zaharretan irakur daiteke adibidez, zenbat poztu zen Eliseo Gil-ek Iruña Okako indusketen zuzendariak, hots egin zionean esanez duela 1.700 urteko euskarazko hitzak azaldu zirela ostroketan (zeramika puskak grabatuak) eta ez zuen bere urduritasuna ezkutatzen aurkikuntzak zuen garrantziarekin. Zer poza hartuko zukeen Mitxelena jaunak aurkikuntzen berri izan balu. Beti defendatu du azaldutako euskarazko hitzen jatortasuna eta antzinatasuna, arkeologoek emandako informazioen arabera, eta aurkakoa demostratzen ez den bitartean.
Eszeptikoen aurrean aurpegia eman du askotan, oldarkor batzutan esanez adibidez, eszeptikoek irentsi beharko zituztela zalantza guztiak, giro eszeptiko orokor batean murgilduta, euskal filologoen artean ere. Egia esan ez gaude ohituta euskal zientifiko, intelektual eta euskaltzain baten aldetik antzeko jarrera ausartik ikusten eta eskertzekoa izan da.
Ez dut ahaztu nahi bere ahotik zuzenean entzundako hitzak sortu zidaten zirrara, bere hitzaldi batean esan zuenean “Iruña Okan azaldu zirela hedabideetan argitaratutako hitzez gain, duela 1.700 urteko hirurogeita hamar bat esaldi motz (jan edan lo) eta ehun luze bat hitz euskaraz“urdin, isar, zuri, gori, edan, ian, lo, ta, iaun, geure, ata, zutan, iesus, ioshe, ata, mirian, ama…”. Bakarrik bi eraikin arakatu omen dituztela Iruña Okako indusketetan eta zalantzarik ez izateko askoz ere euskal hitz gehiago azalduko zirela.
Iruña Okako aurkikuntzen aurkako eszeptikoen kritikak areagotu eta deskalifikazio pertsonaletara igaro zirenean, zalantzan jarriz ikertzaileen ohore pertsonala ere, Henrike Knörr-en jarrera ere gardena eta ausarta izan zen, eta bera izan zen euskal filologo bakarra Iruña-Veleiako komunikatua sinatu zuena (2006-11-23) ikertzaile talde osoarekin batera, non ozenki esaten den besteen artean:
Iruña Okako ostrakak erromatar garaikoak direla, bere garaiko beste milaka ebidentziekin batera azaltzen direla, erromatar garaiko geruzetan azaldu direla eta zigilatzen dituzten beste erromatar garaiko geruzen azpian”.
Aurten Arabako Foru Aldundiak erabaki zuen batzorde zientifikoa izendatzea Iruña Okako aurkikuntzak egiaztatzeko eta bertan nola ez, Henrike Knörr izendatua izan zen eta askok gure ordezkari bezala sentitzen genuen eta bere heriotzarekin umezurtz utzi gaitu eta eskertu nahi diogu bere jarrera maitagarria eta ausarta, tamalez azkeneraino. Agur eta ohore.”