Iruña-Veleia. Onintza Enbeita. Berria.
Garai zailak dira oraingoak erromantizismorako. Bakoitza geure gotorlekuan bizi gara, eta asko jota, kristorenak esatea da besteengatik egiten dugun bakarra. Ez dago modan kausa orokorren alde ezer galtzea. Nahikoa dauka bakoitzak berearekin: bere osasunarekin, bere hipotekarekin, bere kotxearekin, bere lana mantentzearekin… agian, horregatik egiten zaigu hain arraro lagun talde bat gose greban jarri dela entzutea. Gose greban, zertarako eta gure hizkuntzaren jatorriari buruzko eztabaida bat argitzeko.
Seguru nago eztabaida luzeetarako gaia izango dela Iruña-Veleiakoa. Aurkitutako idatziak egia diren, ez diren, noizkoak diren, nork izan duen gezurrezko frogak asmatzeko beharra, nori datorkion ondo aurkikuntza hori guztia gezurra izatea. Galdera asko daude airean. Litekeena da herritar xumeontzat baleko erantzunik ez izatea, baina ikertzea, zientziari bidea egiten uztea ez da hainbesterako. Ez dut uste gose greba bateraino heltzeko beharrik dagoenik. Gure administrazioak izan behar luke hori baino sentsibilizazio gehiago halako gaiekin. Iruditu dakiguke arraroa, barregarria, erokeria… baina gure hizkuntzaz ari garela, gauzak ondo egitea ez litzaiguke horrenbeste kosta behar. Gutxienez ahal duguna egin behar genuke.