Iruña-Veleia: Gabixola bi hilabete gose greban. Alea.
Informazio eguneratua: https://twitter.com/GoseGreba
Iruña-Veleiako Gose Greba Taldeak deitutako giza katearen amaiera. / @GoseGreba
Joxemari Lejardi Gabixolak bi hilabete daramatza gose greban, Iruña-Veleia auzia “bide zientifikotik” bideratzea eskatzeko. Pasa den larunbatean, giza kate bat egin zen Gasteizen, Bibat Museotik Eusko Legebiltzarreraino.
Irailaren 19ko giza katea Iruña-Veleiako grafitoak hartzen dituen Bibat Museotik abiatu zen, eta Eusko Legebiltzarra inguratu ondoren, Andre Maria Zuriaren plazan amaitu zen. Bertan, bi hilabete gose greban bete dituen Joxemari Lejardi Gabixolak eta Nikolas Xamardok hartu zuten hitza.
Bere hitzartzean, Gabixolak pasarte bat gogora ekarri zuen: “Henrike Knörr hiltzorian zegoela, Juan Santos Yanguas eta Joaquin Gorrotxategi behin baino gehiagotan joan zitzaizkiola, iritziz alda zezan presionatzeko eta faltsukeriaren alde lerratzeko, baina ez zuela amorerik eman. Eta zergatik egin zuten hori, grafitoak oso-oso garrantzitsuak direlako agian?”…
Gabixolaren osasun egoera
Gose Greba taldeko kideek adierazi dute “gero eta kezka gehiago” dagoela Gabixolaren osasun egoeragatik, bi hilabeteko langa pasatu duelako gose greban. “Gero eta ahulago dago, eta zientziaren alde bukaera arte egiteko asmoa dauka. Bere osasuna okerrera doa eta bere gorputzerako kalte konponezinak jasateko fasean sartu da dagoeneko”, ohartarazi dute.