Erromatar garaiko aztarnarik garrantzitsuenetakoak aurkitu dituzte Veleian. Argia 2006-6-9
2006ko ekainaren 09a
Munduan parekorik ez duen erromatar garaiko multzo epigrafikoa aurkitu dute Arabako Iruña-Veleia aztarnategian. Aurkikuntza pasa den udan egin zuten baina atzo (8) aurkeztu zuten. III. mendean Veleia hirian bizi zen familiak zeramikazko eta hezurrezko hondakinetan egindako inskripzioak dira.
270 idazki eta irudi dira, erromatar kulturako orain arteko aztarnarik garrantzitsuenetakoak. Idazki eta marrazki gehienek eskola munduarekin eta ikasketekin zerikusia dute. Baina kristautasunari buruzko erreferentziak ere aurkitu dituzte idazkietan. Besteak beste, kalbario baten irudia agertzen den pieza bat aurkitu dute. Kalbario hori orain arte munduan aurkitu duten zaharrena da.
Arkeologoek aztarnetan idazkera hieroglifiko klasikoa agertu izana ere nabarmendu dute. Duela aste gutxi bigarren multzo epigrafiko bat aurkitu zuten baina horri buruzko xehetasunik ez dute eman ikerketa ez baitute amaitu. Noticias de Gipuzkoa, Diario de Noticias eta Diario de Noticias de Álava egunkariek jaso dutenez, Iruña-Veleia aztarnategian aurkitutako piezetan euskararen arrastoak aurkitu dituzte. Horrek euskararen jatorrizko oinarria Nafarroan kokatzen duen hipotesia bertan behera utziko luke. Edonola ere, egunkari horiek diotenez, arkeologoek zuhurtziaz jokatu nahi dute eta Euskaltzaindiaren inguruko iturriak ere mesfidati agertu dira aurkikuntza horrekiko.
(Eskerrak 1.700 urteko euskara zaharra azaldu zen.)