Berria 2006-6-16. Urdin isar, zuri urdin gori, edan ian lo, jaun, geure ata zutan, iesus, ioshe ata ta mirian ama. Hitz horiek irakur daitezke Arabako Iruña-Veleiako aztarnategian, Henrike Knorrek eta Joakin Gorrotxategik aipatu dutenez, eta lehen hipotesien arabera, III. eta VI. mendeen artekoak dira hitzok eta esaldiok.
Egunerokoak eta esaldietan egituratuak egoteak gainera garrantzia eransten dio aurkikuntzari. “Pentsatzen genuen euskaldunak idatzietatik aparte geundela, eta ja ez gaude horren aparte. Hizkuntza askotan ez da ezer idatzi. Hemen dugu guk hitz multzo bat, eta eguneroko hitzak dira. Akitaniako aurkikuntzak zaharragoak dira, baina euskararen gainean eraikitako izen propioak dira. Hori da orain arte genekiena, baina hau besterik da. Batzuk solte baina beste batzuk perpausetan”, dio Gorrotxategik. Joan den maiatzaren 7an aurkikuntzei buruz hitz egin eta Gorrotxategik aitortu duenez ez zuen ondo lo egin hurrengo egunetan, “ia 500, 600 urte aurreratzen baita gure kronologia”.
Dena den, zuhurtziaz jokatu behar dela esan dute filologoek. Komunikabideetan izan diren filtrazioekin ez daude gustura, izan ere, horiek ez baitute ikerketa oztopatu besterik egiten. Arkeologoek, historialariek, hizkuntzalariek eta zientzilariek oraindik lan asko dute egiteko; zein mendetakoak diren zehazteko, haien testuingurua ezagutzeko, eta esan dutenez, lan horiek guztiak amaitu bitartean ez dute aurkikuntzei buruz hitz egingo, urrira edo azarora arte.