IV protesta Gasteizen. Berria.
GASTEIZ. Autoen karabana bat egin zuten atzo arratsaldean Gasteizen, Iruña-Veleia auzia zientziaren bidez argitu dadila eskatzeko. Iruña-Veleia Gose Greba taldeak deituta, Floridako atetik abiatu ziren, eta hiru bat orduz aritu ziren hiriko errepideetan protesta egiten.
Modu horretan, mezu zuzena igorri nahi izan zioten Eusko Legebiltzarrari: gaiak zientziaren bidea har dezan laguntzeko, horretarako bitartekoak jarriz eta behar diren probak eginez. Izan ere, protestaren antolatzaileen arabera, hori da auzia argitzeko «modu bakarra»: hau da, «laborategi onenetan» datazioak egitea. «Baina hori ez dute 12 urte hauetan egin», salatu dute.
Lehendik ere eskari hori egina zuten, baina, protestaren antolatzaileen arabera, Eusko Legebiltzarrak «oraindik ez du ezer egin» hori ahalbidetzeko, eta ez du «aurrerapausorik eman». Hori dela eta, gose greba hasi zuten bost lagunek uztailaren 23an; bakarrak segitzen du orain: Jose Mari Lejardi Gabixola-k 94 egun bete zituen atzo, hain zuzen. BERRIAri esan zion «azkeneraino» segituko duela.