Burdin aroko umetxo baskoi bat, Irulegi Aranguren Nafarroa. Berria.
Aranguren ibarreko Irulegi herri gotortuan topatu dute aztarna. Erromatarren aurreko baskoiak duela 2.700 urte nola bizi ziren hobeto ezagutzeko aukera emango du.
«Zundaketa txiki bat egin genuen ikusteko non aurki genezakeen etxearen zola, zorua. Eta zolan bertan aurkitu genuen, lurperaturik, haur jaio berri bat». Halaxe azaldu du aurkikuntza Mattin Aiestaran arkeologoak, gaur, indusketa lekuan bertan. Aranzadi zientzia elkarteko arkeologo talde bat Aranguren ibarreko Irulegin (Nafarroa) aritu da lanean uztaileko lehen bi asteotan, eta Aiestaran ari da indusketa zuzentzen.
Irulegin, erromatarren aurreko baskoien herri gotor bat zegoen, eta aurkikuntzak zantzu asko eman ditzake haien bizimodu eta kultura hobeto ezagutzeko.
Susmoak baieztatu ahal izan dituzte: Irulegiko gazteluaren ondoan, baskoien herrixka bat zegoen. Bi urtez aritu dira sonarrak eta radarrak erabiltzen, lurpean egon daitekeena aztertzen. Horien bidez, irudika daiteke, denborak ezkutatu dituen eraikinen egiturak.