Coca cola kadukatua. JM Elexpuru.
Euskararen aztarnak Sardinian liburua zen Artefaktua programaren ardatza, Euskararen eta paleosardinieraren ustezko harremana, eta hari buruz izan ziren galde-erantzunak, azken aldera Ibon Serranok eta biok Yolanda Mendiolaren Iruña-Veleiari buruzko galdera batzuei erantzun bagenien ere.
Baina Santi Leoné historialari nafarrak ez zuen horrela ikusi Edan Coca-Cola titulatzen duen Argiako Gaizki erranka-ko zutabean. Bai, benetan gaizki errana, Iruña-Veleiako gaiak 3 minutu eta 20 segundo soil hartu baitzituen. Aski historialari nafarra asaldatzeko.
Alberto Barandiaranen Veleia afera (2010) zeruraino jasotzen du: “Bere garaian, miresmenez irakurri nuen Barandiaranen lana, eta oraindik iduritzen zait euskaraz dugun saiakera eta ikerlan eredugarrienetarik. Beraz, aise ulertu nuen –aise ulertzen ahal zuen nornahik– zer-nolako ekarpena egin zion liburuak euskal kulturari; eta zer-nolako ekarpena Sautrelari, egilea gonbidatzeak”. Harrapazak/n!!! Hainbesterako ote? Ba ezagutzen ditugu oso bestelako iritzia dutenak, baita kazetari ikuspegi soil batetik begiratuta ere. Eta izan da ikuspegia argudioekin eta datu zehatzekin jantzi duenik, Idoia Filloy arkeologoa esaterako, duela gutxi El Salto/Hordago aldizkarian argitaratutako artikulu batean. Merezi du irakurtzea.