Iruña-Veleian aspaldi gainditu ziren zibilizazioaren muga guztiak. Historikoki garrantzia izan duten aurkikuntza guztietan beti egon ohi da faltsutzat salatu duenik, Iruña Okako euskara zaharra ez zen salbuespena izango eta Henrike Knörr hil ahala etorri zen aurrenekoa 2008-6-24ean, batzorde ustez zientifiko batean.
Suposatzen da salaketa larriak konprobatu egin behar direla, baina epaileak motelak direnez, beti egon ohi da justiziaren aurretik dihoan politikoa eta ziurtatu gabeko salaketak baliatzen dituena bere asmoak betetzeko, nahiz eta horretarako arkeologoak, filosofoak, zientzialariak… kiskali behar gezurrekin hedabide guztien aurrean, Giordano Bruno 1600ean edo 2008-11-19an Arabako Biltzar Nagusietan. Hau behin eta berriro errepikatzen den historia besterik ez da.
Modernitateak berriz beste ezaugarri berri batzuk eskaintzen dizkigu. Salaketa larriak frogatu ezean (estafa eta faltsutzea) eta epaileek artxibatzen dituztenean, Eusko Trenbide Sarearena kasu, gaur egun, badaude beste modu batzuk desprestigiatzen jarraitzeko egunero-egunero etenik gabe.
Sistema A: beste salaketa berri batzuk asmatu, filtratu zati batzuk hedabideren bati eta bilatuko duzu unibertsitateko irakasleren bat defendatuko dizkizunak amaraunean, bere taldearekin bada hobe jakina. Morboak asko saltzen baitu eta milaka bisita. Hilabeteetara, txostena argitaratzen denean, epaitegian ikusiko da ez duela ezer frogatzen (salatarien asmo gaiztoak baino), baina bitartean, frogatu gabeko salaketa larriak bolo-bolo zabalduko dira bazter guztietatik, eguneroko etenik gabeko desprestigio publikoan. Grafologoen aurreneko txostena kasu.
Sistema B: sistema Ak oso ondo funtzionatu duenez, salaketa berri batzuk asmatzen dira eta errepikatzen da A sistema, zertarako aldatu hain ongi funtzionatzen duena. Grafologoen bigarren, hirugarren eta “ernea”-garren txostenak kasu. El Correo izan beharrean Berria aukeratu frogatu gabeko salaketa berriak (“albisteak”) filtratzeko eta kitto. Jarraian foroak elikatu eta gustora beteko dute azken hiru urte terdian beren ezinbesteko eguneroko “lana”.
Amaraunak desprestigiatzeko eskaintzen dituen aukera berriak, politiko bizkorrek azkar ikasiak.
Laster zabalduko dute beste arlo batzuetara jakina. Historia honek ez du zerikusirik eguneroko errealitatearekin antzekorik iruditzen bazaizu zure imaginazioa da.