Galileo Galilei. Juan Martin Elexpuru. Berria
Eliseo Galilei. Juan Martin Elexpuru
Eliseo Gil agurgarria, Galileo Galilei nauzu: «Nihil novum sub sole», adiskidea. Hemen Kosmosetik dena ikusten da, eta hotzikara izoztu batek zeharkatzen nau nola zarabiltzaten ikusten dudanean.
Ni ere oso estimatua nintzen, Eliseo. Matematikari, astronomo eta filosofo handitzat nindukaten, baina mundua eguzkiaren inguruan dabilela esatera ausartu nintzelarik, akabo. Biblia Santuaren aurka nengoen. Dogma Santuaren zaintzaileek, teologo eta astronomo txit jakintsuak eurak, lepora salto egin zidaten, eta Ofizio Santuaren atzaparretan jarri ninduten. Nire ideiei uko egin behar nien derrigor. Aldameneko gelan «tormentua ematen» ziharduten norbaiti. Kurrixkek estaltzen zuten tarteka inkisidoreen erretolika. Neu izango nintzen hurrengoa. Eta nola ahaztu Giordano Bruno gizajoari urte batzuk lehenago gertatutakoa. Erromako Campo dei Fiori-ra joaten bazara, Eliseo, han ikusiko duzu haren estatua plazaren erdian. «Hemen erre zuten, mundua unibertsoaren erdia ez dela esateagatik». Neure haragiaren erre-usaina hartzen hasi nintzen, eta amore eman nuen. Zaharra nintzen ordurako eta nekatuta nengoen. Hala ere, ez zidaten barkatu, etxean preso eduki ninduten hil arte.