Iruña-Veleia, egia oraindik falta da. Iñaki Zabaleta. Alea.
Informazio eguneratua: https://twitter.com/GoseGreba
“Eliseo Gilen aurkako epaiketan bere eta bere taldearen jokabidea epaitu da, eta ez Iruña-Veleiako ostraken egiazkotasun eta balio historikoa, oraindik zientifikoki ez guztiz determinatua”.
Iruña-Veleia auzian, gaur egun, lau gai daude nire ustean: ehunka ostraken egiaztapen zientifikoagoa, Eliseo Gil eta kideen epaiketa, Gabixolaren gose greba, eta Euskal Herriko hedabide eta jendearen jokabidea.
“Badirudi ostraka batzuk faltsuak direla. Baina denak al dira faltsuak?”
Ostrakak egiazkoak ala faltsuak diren asko eztabaidatu da 2008tik hona. Aditu akademiko ofizialistek euren ebaluaketak egin dituzte: estratigrafikoak, linguistikoak eta ikonografikoak batez ere. Badirudi ostraka batzuk faltsuak direla, eta epaiketan auzipetu batek ere aitortu zuen. Are gehiago, gure gaurko begi ez-adituekin begiratuz, horietako hainbatek nahiko modernoak direla dirudite.
Baina denak al dira faltsuak? Arabako Arkeologia Museoan kutxatan garbitu eta aztertu gabe gordetako asko ere faltsuak al dira? Akademiko ofizialistek egindako azterketak eta erabilitako teknikak gai al dira ostraken faltsutasuna zientifikoki frogatzeko? Badirudi ezetz, hainbat ikertzailek adierazi duten arabera.
Horregatik, Iruña-Veleia Argitu mugimenduko kideek eskatzen dute ostraka-lagin bat Arkeometrian adituak diren Europako laborategietan aztertzea, berme zientifiko guztiekin; eta arkeologo entzutetsu eta independentek “indusketa kontrolatuak” egin ditzatela grafitoen tokian. Erakundeei egindako eskari hau sinatu dute jadanik 144 pertsona ezagunek eta 2.2015 herritarrek (ikus Iruña-Veleia Argitu webgunea).