EHU eta Iruña-Veleia. Jose Luis Erdozia Mauleon. Berria.
>2018ko urriak 23
Irailaren 23an, Iñaki Goirizelaiak artikulua idatzi zuen BERRIAn eta bertan gure herriaren etorkizuna eraikitzeko, lehengairik ez dugunez, ezinbestekotako jotzen du ezagutza, 2030erako Euskal Herria Ezagutzaren Euskal Komunitate Kultua bihurtzeko. Eta helburu hau erdiesteko ezagutza sortu edo ekarri behar dela dio. Horretarako, «ondo hezitako pertsonak» eta gure hizkuntza menperatzeaz gain gutxienez beste bi menperatzen dituzten «persona kultuak» derrigorrean behar direla jarraitzen du aipatzen. Horiekin, antza, nazioartean presentzia eta eragina lortuko omen dugu eta beste horrelako «asmo handiko eta epe luzeko estrategia berriak» martxan jarri beharraz gaztigatzen digu. Amaieran ia, esaten digu ez dugula inoiz ahaztu behar herri honen sustraietatik elikatzen garela.