Etiketa honen artxiboa: sugetzarra

Elixabete Garmendia kazetaria Berrian: Sugetzarra

Elixabete_Garmendia_tokikomElixabete Garmendia kazetariaren Sugetzarra artikulua Berrian.

2020ko urtarrilak 19.

Julio Caro Barojak badu liburu bat historiaren faltsifikazioei buruzkoa (Las falsificaciones de la Historia, Círculo de Lectores, 1991). Hor sartzen ditu, beste askoren artean, Orreagako borrokarena —Altabizkarreko kantua— edo Tubalen legenda. Dioenez, antzinatetik gertatu da fenomeno hori, nonahi, baita greziarren eta erromatarren artean ere. Helburua, beti, iragana ederrestea. Hori lortu ahal izateko, testu ezkutu apartekoen aurkikuntza leku arraroetan eta egoera ezohikoetan gertatu ohi omen da. Ohartarazpen hau ere egiten du Caro Barojak: esperientziak erakusten duenez, pertsona asko kausa baten alde ala kontra jartzen dira arrazoiak baino areago pasioak eraginda. Nolanahi ere, uste du kontuan hartzekoa dela historiaren inguruko iruzurra: «Komeni da lasaitasunez hausnartzea gizakiak historia iruzurtzeko daukan joeraz. Gaur egun azter dezakegu gauza interesgarri modura; ez bakarrik ikuspegi kritikotik, baita indar sozial, politiko eta estetikoa daukan zerbait bezala ere».