d) Henrike Knörr-en hitzaldia Gasteizen 2006-6-15ean

Audioa Gil, Knorr eta Gorrotxategi 2006-6-15

erabili.comArabako Iruña-Veleiako aztarnategian aurkitu dituzten idazki zenbait euskarazkoak direla eman dute jakitera. Hona hemen, Henrike Knörr hizkuntzalariak eta euskaltzainak berria lau haizetara zabalduz emaniko prentsaurreko mintzaldia, Gasteizen, 2006ko ekainaren 15ean:
Duela berrehun urte, Francisco Martínez Marinak, Espainiako Historia Akademiaren hiztegi ezagunean (1802), Iruña-ri buruzko sarreran, hau idatzi zuen:

“Está situado dos leguas cortas al oeste de Vitoria, en una colina que domina toda su circunferencia. Fue célebre en lo antiguo el pueblo de Iruña, voz vascongada, que vale tanto como “Villabuena”. Pamplona tuvo el mismo nombre hasta que los romanos se lo mudaron en Pompeyópolis, y es de creer que a ésta hayan aplicado nuestros escritores algunos pasages de la historia que pertenecen a Iruña de Alava.”

Eta gero hau dio:

“Sin embargo de haber sido un pueblo enteramente romano, como lo acreditan los vestigios de edificios arruinados, inscripciones, monedas y otros monumentos, nuestros historiadores no hacen memoria de él, y los naturales del país que se dedicaron a escribir su historia, adelantaron muy poco sobre esta materia, y aun escribieron con grande incertidumbre, generalidad y confusión”.

Arrazoi zuen Martínez Marina Akademia-buruak bere deitorean, eta berri anitz eman zizkigun artikulu horretan, non, seguru aski, Lorenzo Prestamero arabar apaizak, Akademia bereko kide bipilak, eskuzabal lagundu baitzuen, beste hainbat artikulutan bezala. Orain, ordea, ez dugu uste *Iruña*-k ‘Villabuena’ esan nahi duela. Lehen osagaia bai, <i>(h)iri</i> da, baina bigarrenean zenbaitek *un* dakusagu (oraingo euskaran *une* edo *gune*), *Iruñea*-n eta *Irun*-en bezala, edota *Ataun* eta *Solaun* izenetan. Bestalde, bai Nafarroakoan eta bai Arabakoan, azken <i>­a</i> hori artikulua da jatorriz. Hots, <i>Iruñ(e)a</i> honela behar da azaldu: <i>(H)Iriun-a</i>, “hiriaren tokia” esango bagenu bezala. Arabako Iruñatik hurbil, Billoda herrian, *Irunbe* aurkitzen dugu, leku izen zaharra, zalantzarik gabe “Iruñaren azpian” ulertu behar dena, eta bizpahiru kilometrotara, Ariñizen, *Irunbide*; dakigunez, *Irunbide* eta antzekoak dozenaka agertzen dira Iruñerrian. Beste zerbait gaineratuko dut: *Iruña* izena bereizkuntza da Araban, non <i>(h)iri-</i> lehen osagaia zutenek goiz aldatu baitzuten lehen bokala; Reja de Alava deitzen den Arabako herrien zerrenda ederrean (1025), guztiak dira (H)U-: <i>Huribarri, Urizar</i>, e.a. Honek eramango gintuzke pentsatzera <i>Iruña</i> izena askoz lehenago finkatu zela.

Veleia maiz aipatzen da Antzinatean eta Erdi Aroan. Besteak beste, Alfonso III.aren kronikan dugu lekukotasun hau: <i>Uelegia Alabense</i>. Eta <i>Iruña</i> geroago agertzen da. Baina jendeak erabiltzen zuen ahoz, seguru aski, oraintsu esan dugun arrazoiagatik. Horra non Rohlfs erromanista ospetsuak “tradizio bikoitzeko toponimia” deitu zuenaren adibide ona: bertakoek *Iruña* esaten zuten, eta *Veleia* forma, berriz, letratuek eta bidaiariek (horrela hitz egitea zilegi bazait) erabiltzen zuten.

Arabako Iruña hau, bere lozorro luze-luzea gorabehera, deitura ezagunen iturri izan da. Horra, beste zenbaiten artean, <i>Martínez de Iruña</i> familia, dorretxe baten jabea, Badaia medikatearen gainean, leku ezin egokiago batean. XV. mendean, Andrés Martínez de Iruñak Hieronimotarren ordenari eman zion dorretxea, eta Gasteiza joan zen familia hori, Otsanda Andrearen etxera. Kargudun izan ziren hirian, eta goi mailako kargudun. Haien armarria Done Bikendi elizaren absidean ikus daiteke. Ez dezagun ahantz, gainera, Iruña Arabako hermandade bat deitu izan dela, antzinako loria eta ospearen oihartzun legez. Eta bat-batean, hemen dugu Iruña-Veleia guztien ahotan. Hobeki esan: berriro dugu guztien ahotan, beste arrazoi batzuengatik duela astebete izan ondoren (erlijioarekin loturiko aztarnak ziren orduan). Oraingoan hizkuntzak ekarri du plazara Iruña-Veleia, euskarazko hitz batzuek ekarri dute, hain zuzen ere. Garrantzi handi-handiko gertakaria, nahiz une honetan ezagutzen duguna etorriko denaren zatia eta zantzua den, apika. Gogoratu behar dugu Antzinatetik hauxe bakarrik genuela, euskarari dagokiolarik: euskal (edo euskal antza duten) izen berezi batzuk, latinezko testuinguruetan, gizabanakoak, jainkoak eta jainkosak deitzeko, eta garai haietako geografo eta historiagileen izkribuetan irakurtzen ditugun leku izenak (sarri desitxuratuak). Eta orain, ziplo!, gure begiek, harriduraz, urduritasunez, are dardaraz, egunoroko hitzak ikusten dituzte, hala nola:

– **GEVRE ATA ZVTAN** (“geure Aita zuengan”)

– **IAVN**

– **EDAN IAN LO** (bizimodu lasairako aholkua, ikusten denez)

– **GORI** (“gorri”, menturaz)

– **VRDIN ISAR** (agian izar, baina nik ez dut uste aldamenean ageri den urdin hitzarekin lotu behar dugula)

– **IESVS IOSE ATA TA MIRIAN AMA** (hau da: “Jesus, Josef aita eta Maria ama”)

Ametsa? Ez, inola ere ez! Edo bai, baina amets egia bihurtua! Euskararen lekukoak, dirudienez IV. edo V. mendekoak (eta, hala ere, ulerterrazak). “¡Por fin podremos salir del círculo de las Glosas!”, idatzi dit adiskide on batek, Complutense Unibertsitateako irakasle entzutetsuak. Eta nik nirekiko: Glosa eskergaiztokoak zinez X. mendeko horiek, zeren euskarazko bi perpaus horietan -<i>Izioqui dugu / Guec ajutu ez dugu</i>- interes gutxienekoa ulertzen baitugu soilik: <i>guec, ez, dugu</i>, axolakoa ilunpean gelditzen delarik. Zer da *izioqui*? Bigarren osagai bat ez ote hor, *oki* (gaurko euskaraz *toki*)? Zer da *ajutu*? Agian *adiutum* latinezko partizipio izendua, *adiuvo* aditzarena, hots, “lagundu”? Horrela bada, bigarren perpausak hau esan nahiko luke: “Guk ez dugu laguntzarik”. Dena dago airean, ordea, eta laguntza guk behar dugu.

Egungo prentsaurrekoan, hiru mahaikideok gure poza agertu nahi dugu, eta guztiei helarazi. Lan egingo dugula hitz ematen dugu, arkeologoekin batera (haien menpean gara, eta haiei beha). Gauzak ongi badoaz, menturaz udazkenean ezagutaraz genezake interes bizi-biziko testu multzo hau, xehetasun guztiekin. Honezkero dugun materialak bakarrik galdera asko egiten dizkigu, eta galdera sakonak. Erantzuten jakingo ahal dugu! Eta gero etorriko dira beste galdera batzuk, eta erantzunak bilatu beharko horientzat ere, eta horrela ondoren ere, zientziak eskatzen duen bezala. <i>Fragen, Antworten, Fragen</i> (“Galderak, erantzunak, galderak”) izena eman zion bere liburuari Robert Havelmann-ek, eta jakintza-bidea hori baizik ez da.

Agian Euskal Herria ez da inoiz izan *etnodromo* bat, Georges Dumézil famatuak Siberia definitu zuen gisan esateko. Baina lurralde hauetan nabari da jendaki, populu eta kultura batzuen aztarna. Iruña-Veleiako aurkikunde hauek, zalantzarik gabe, sekretu zenbait agertzen lagunduko gaituzte.>

(HENRIKE KNÖRR BORRÀS hizkuntzalaria eta euskaltzaina da)

Gai honi buruz <i>erabili.com</i>-en argitaratutakoak</b> (ikusteko gainean sakatu)
– “Euskararen kronologia ia 600 urte aurreratu daiteke Iruña-Veleian”:

http://www.erabili.com/zer_berri/berriak/1150453540

3 erantzun “d) Henrike Knörr-en hitzaldia Gasteizen 2006-6-15ean” bidalketan

  1. Pingback: zuzeu.com — Veleiakoa, Elexpuru eta gu profanook

  2. Pingback: zuzeu.com — Veleiako misterioa, ezjakin batek labur eta arrapataka kontatuta (1)

  3. Pingback: zuzeu.com — Veleiako misterioa, ezjakin batek ahal bezala kontatua (osorik)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude