Knorrek Gorrotxategiri eta Lakarrari igorritako mezua. Berrian

 Berria.info

Iruña-Veleiako euskal idazkunen datazioen inguruan

Argi dago Iruña-Veleian 2006az geroztik aurkituriko idazkunetako zenbaitek, behintzat, harrituta utzi dituela ikastunak. Alde batera utzirik idazkun horietako bestelako mota bat, euskal hitzak dituztenek ezusteko ezaugarriak ageri dituzte, eta, are gehiago, arkeologoek eta haien talde laguntzaileek orain arte iradokitako datazioei jaramon egitera. Argi eta garbi esateko, euskal hizkuntzaren historiaren ikuspegitik, ez liteke inolaz ere pentsa K.o. III. mendekoak direnik, esate baterako, arrain hitza dakarten testuak; horren ordez, *arrani eta arrapi hitzak lirateke espero izatekoak, lotura erromaniko nabarmenekoak -azken batean, latineko rapio-tik eratorriak, jakina-.

Betiere, zientzialariek eta estratigrafiako adituek esaten dutenaren zain, historiara jo beharra daukagu ezinbestean. Eta historiak diosku izan bazela apezpikutegi bat Araban, gutxienez IX. mendearen erdialdeaz geroztik. Alvaro zen apezpikua, eta 881. urtekoa da dokumentua. Guk dakigula, orain arte inork ez du auzitan jarri apezpikutegiaren kontua. Eta, itxura guztien arabera, Veleian egon zen. Ez da alferrik behin baino gehiagotan aipatu izan episcopus veleiensis. Eta gogora dezagun berantiarra dela, oso, Armentiako egoitza; berantiarra, eta laburra -azkeneko indusketak etsigarriak izan baitira-. Araban izandako azken hiru apezpikuak -Vela, Munio IV.a eta Fortunio- bakarrik jo daitezke Armentiako apezpikutegian erroldatutakotzat. Becerro de Irache dokumentuaren arabera, 1602an ageri da lehenbizikoz Armentiako apezpikutegiaren aipua, San Romango Zorraquino abadeak Santa Engrazia monasterioa -Veremundo buru zuena- Iratxeri dohaintzan eman ziolarik. Eta hurrengo, Calahorrara lekualdatu zuten.

Guk dakigula, ez dute basilikarik aurkitu Veleian, baina litekeena da oro. Iruñako Santa Mariaren lekuan bertan ote zegoen? Litekeena da, oso.

Uste izatekoa da jarraitutasun halako bat egon zela Iruña-Veleiatik «Armentiako» garairaino, klerigoen elkarteren bati esker -milites edo borrokalari eta guzti, beharbada-; horrek azalduko luke Iruña ez aipatu ere egitea Donemiliagako kartularioan. Hain zuzen ere, geroago ezarri zuten San Joanen ordena militarra.

Jarraitutasun horrek azalduko luke, halaber, euskal hitzen itxura «modernoa», hala nola arestian aipaturikoak eta corduniai delakoa -zeina debitoribus baita, ezbairik gabe, gure lan bileran proposatu nuen bezala-.

Latineko idazkunei dagokienez, lehen adierazitakoa baiezta dezaket pontifex hitzari buruz. Clermonteko Sidonius apezpikua (V. mendea) baino lehenago, bazerabilten Pontifex Maximus izendapena, bai adiera ironikoz bai berezko adieraz; hala ageri da, 200. urte inguruan, Tertulianoren testu ugaritan miatuz gero.

Henrike Knorr.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude