Euskaldunen eta kanadarren arteko lotura kultural eta genetikoak aztertuko du kongresu batek

“EUSKAL BALEZALEEN ILDOEI JARRAIKI. Euskaldunen eta Ipar Atlantikoko Amerikako Jatorrizko Herrien Kultur eta Genetiko Ondarea”
Balea

Irailaren 21ean, asteazkena, 9:00etan, Bizkaia Aretoan (Abandoibarra etorbidea 3, Bilbo), “EUSKAL BALEZALEEN ILDOEI JARRAIKI. Euskaldunen eta Ipar Atlantikoko Amerikako Jatorrizko Herrien Kultur eta Genetiko Ondarea” izeneko nazioarteko kongresua hasiera emango zaio, UPV/EHUko BIOMICs ikerketa taldeak eta Jauzarrea euskal kulturaren ikasketa eta zabalkunderako Kultur Fondoak antolatuta. Bertan, euskaldunek San Lorentzo ibaiaren (Kanada) inguruetako amerikar jatorrizko herriekin izan zituzten harremanen ondorioz gaur egun mantentzen diren historia, arkeologia eta hizkuntza arloetako erregistroak aztertuko dituzte.

Nazioarteko kongresu honek Euskal Herriaren eta Ipar Atlantikoko herrien arteko hurreratzea bultzatu nahi du, horrela elkarrekin ibilbide berri bat berrabiarazteko. Izan ere, ibilbide hori, etorkizun hurbilean, orain dela bost mende gutxi gora behera herri biek izan zuten harremanean oinarritutako diziplina anitzeko ikerketa batean finkatuko da.

Kongresu honek iraungo dituen bi egunetan, kanadar, europar eta euskal adituek Euskal Herriaren eta Ipar Amerikaren arteko interakzioak eragindako kultura eta historiaren inguruko bateratze-lana egingo dute. Gainera, horri, herri hauen leinuen adierazleei buruz gaur egunera arte ezagutzen den guztia bilduko duen hurbilketa genetikoa gehitu behar zaio.

Batez ere historia, antropologia, hizkuntzalaritza eta genetikarekin zerikusia duen jendeari zuzenduta dago kongresu hau, baina gaiaren garrantzia kultura arloan handia dela kontuan hartuta, ekimena edonorentzat ere garrantzitsua izan daiteke. Izena emateko epea irailaren 15ean, osteguna, bukatuko da.

Kongresu hau aurrera eramateko nazioartean erabat bikainak diren adituen parte hartzea izango da, hain zuzen ere, Juan Antonio Urbeltz, IKERFOLK institutuko zuzendaria; Stephen Augustine, etnologoa eta Mik’maq buruzagi espirituala New Brunswick-en; Paul Charest, Laval Unibertsitateko (Quebec) doktorea; Raphael Picard, Pessamit Lehen Nazioko buruzagia (Innu); Sthepen Oppenheimer, Oxfordeko Unibertsitateko genogeografoa; Daniel G. Bradley, Trinity College-ko genetista (Dublin); Roldán Jimeno, Nafarroako Unibertsitate Publikoko historialaria; Robert Grenier, Parkseko arkeologoa (Kanada); Jacques Lacoursière, Lavaleko Unibertsitateko historialaria (Quebec); Peter Bakker, Amsterdamgo Unibertsitateko hizkuntzalari eta historialaria; Brad Loewen, Montrealgo Unibertsitateko historialaria; Miren Egaña, Eusko Filologiako katedraduna eta Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea (Donostia); Xabier Agote Aizpuru, arkeo-nabigazioan espezialista eta Albaola Elkarteko kidea (Pasaia); Aurélie Arcocha-Scarcia, Euskarako katedraduna Bordeaux 3 Unibertsitatean eta Euskaltzaindiko presidenteordea.

Historialari, hizkuntzalari, filologo, etnologo, arkeologo, antropologo eta genetista talde honen lanak, 2011ko irailaren 21ean eta 22an burutuko diren lau saiotan, Atlantikoaren alde banatan kokatuta dauden herri bi hauen arteko interakzioaren tamaina zenbaterainokoa izan den ezagutu ahal izateko berebiziko garrantzia duten hainbat faktoreren inguruko ezagutza eta zabalkunde maila handia lortzea ahalbidetuko du.

Kongresuaren egitaraua (pdf, 307 KB)

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude