Iruña-Veleiako auzia argitzearen aldeko manifestua

15920 Iruña VeleiaIruña-Veleiako auzia argitzearen aldeko manifestua. (Ama Ata bloga)

Arabako Foru Aldundiak, 2008ko udazkenean hartutako erabaki baten bidez, ofizialki faltsutzat jo zituen 2005 eta 2006ko jardunaldietan Iruña-Veleiako aztarnategian aurkitutako “ezohiko grafitoak” (400 inguru), eta indusketa-baimena kentzea erabaki zuen Lurmen S.L. enpresari. Handik gutxira, zigor-espedientea irekiz, auzibidean jarri zituen enpresa horretako hainbat kide eta kolaboratzaile.
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU-UPV) irakaslez ia guztiz osaturiko Batzorde Zientifiko Aholkulariaren zenbait txostenetan oinarrituta hartu zuen erabakia Foru erakundeak; piezak faltsuak zirela eta Lurmenen arkeologia jarduna txarra izan zela esaten zuten txostenok. Geroago, 2009 eta 2013 artean, Lurmenen defentsak hogei bat txosten aurkeztu zituen epaitegian guztiz kontrakoa esaten zutenak, hau da, piezak benetakoak izan daitezkeela eta Lurmenen arkeologia jarduna egokia izan zela. Hainbat naziotakoak dira txostenon egileak eta horietako gehienak izen handiko adituak grafitoetan agertzen diren gaietan.
Auziak bederatzi urte iraun du instrukzio fasean; errekor triste baten jabe da: gure herrian zabalik egon den auzirik luzeena. Ez da zaila igartzea zenbat sufritu duten Eliseo Gil Zubillaga eta Oscar Escribano Sanz auzipetuek “aulki zigorra” jasan behar izan duten amaiera gabeko epe honetan. Azkenik, 2018ko maiatzaren hasieran jaso dute auzipetuek akusazio-idatzia: Arabako Foru Aldundiak zazpi urte eta erdiko kartzela zigorra eta 285.000 euroko isuna eskatzen du auzipetu bakoitzarentzat, eta aldi berean Estatuko Fiskaltzak bost urte eta erdiko kartzela eta ia 300.000 euroko isuna. Zer esan honen aurrean.
Gure ustez, ezin da denbora gehiago egon auzia argitu gabe; batetik, begi-bistako arrazoi humanitarioengatik, eta bestetik, garrantzi ikaragarrikoa delako grafitoak benetakoak ala faltsuak diren jakitea. Eta ez bakarrik euskararen historiarentzat, baita beste ezagutza-arlo askorentzat ere. Badakigu jakin erraza dela egia aurkitzea datazio teknika modernoak erabiliz, ohikoak gaur egungo arkeologian, eta horregatik azpian sinatzen dugunok eskatzen diegu Arabako Foru Aldundiari eta Gasteizko Epaitegiari ondorengoa egitea agindu dezatela:

  • piezen lagin bat Arkeometrian adituak diren Europako laborategietan aztertzea. Gure ustez, hiru laborategi ezberdinetan egin beharko lirateke analisiak, kasu berezietako protokolo zorrotzak ezarriz.
  • parteekin zerikusirik ez duten arkeologo entzutetsuek indusketa kontrolatuak egin ditzatela Lurmenek grafitoen agerlekutzat seinalaturiko lekuen inguruetan.

Zera ere pentsatzen dugu, ez duela inolako zentzurik auzia epaiketara eramatea ustezko faltsutasuna frogatu gabe dagoenean, eta horregatik eskatzen diegu Arabako Foru Aldundiari eta Gasteizko Epaitegiari beste pausorik ez emateko bide horretan, harik eta laborategi espezializatuek eta indusketa kontrolatuek grafitoen benetakotasuna edo faltsutasuna erabaki arte.

  • Izen-abizenak (edo entitatea):
  • Nortasun agiriaren zenbakia:
  • Eposta (aukerakoa):
  • Bizilekua:
  • Sinadura:
  • Lanbidea edo titulazioa (aukerakoa):

(Ekimenaren bultzatzailea: Iruña-Veleia Argitu ekimena, ondorengo elkarteetako kideek osatua: SOS Iruña-Veleia, Euskeraren Jatorria, Martin Ttipia, Lurmen eta independenteak)
Harremana: irunaveleiaargitu@gmail.com
Informazioa: www.iruñaveleia.eu

Bideoa: Iruña-Veleia 9 urte dataziorik gabe.