Iruña-Veleia zientzia bide bakarra gose greba 35 egun. Berria

13362 Iruña Veleia,Iruña-Veleia gose greba 35 egun. Berria. Iruña-Veleiako piezei proba gehiago egiteko gose grebak 35 egun bete ditu

Arabako aztarnategiko aurkikuntzei proba gehiago egiteko eskatzen die agintariei Jose Mari Lejardi ‘Gabixola’ grebalariak, eta kasua zabaltzen laguntzeko bertso saioa antolatu du ostiralerako Gasteizko gaztetxean.

Diabetesa du, hipertentsioa, eta hilabete pasa darama gose greban, baina orain arteko egun horiek guztiak «betegarriak» baino ez direla izan azaldu du Jose Mari Lejardi ‘Gabixola’-k. Hurrengo asteetan eratzekoa den Eusko Jaurlaritza berriko kideekin biltzea du bere benetako helburua, eta greba egun kopuru esanguratsu bat izan nahi luke ordurako. «Ez digute kasurik egingo 40 edo 50 egun pasatu arte». Iruña-Veleiako aztarnategiko piezak benetakoak izan daitezkeela uste du, eta gobernuari bi eskari zehatz egiteko abiatu du gose greba: Europako laborategietan piezei arkeometria probak egin diezazkieten, batetik, eta, aztarnategian parterik ez duten arkeologoek indusketa kontrolatuak egin ditzaten, bestetik. «Egia nahi dugu, eta uste dugu gaur egun zientziak badituela moduak egia hori azkar bilatzeko».