Etiketa honen artxiboa: gutuna

Iruña Veleia 7 urte gutuna Arabako Kultur diputatu eta Ahaldun Nagusiari. Langraitz 2015-11-21

 Iruña VeleiaIruña Veleia 7 urte gutuna Arabako Kultura diputatuari eta Ahaldun Nagusiari. JM Elexpuru.
SOS Iruña-Veleia, Euskeraren Jatorria eta Martin Ttipia Elkarteek Arabako Ahaldun Nagusiari eta Kultura Ahaldunari zuzendutako gutuna aurkeztu dute gaur eguerdian Langraitzen. Jose Ignacio Vegas Aranburu arkeologo arabarrak eta Maritxu Goikoetxea SOS Iruña-Veleiako presidenteak irakurri dute testua. Gutuna Arkeologia, Historia, Hizkuntzalaritza eta, oro har, Kulturako pertsona esanguratsuei eskainiko zaie sinatzeko. Edward Harris, Bahametako Museoko Zuzendaria, da lehen sinatzailea. Urte bukaera aldera aurkeztuko dira bildutako sinadurak.

Ramiro Gonzalez Arabako Ahaldun Nagusia, eta Igone Martinez de Luna, Arabako Euskara, Kultura eta Kirol Ahalduna

Jaun eta Andere agurgarriak:

Ziur asko jakingo duzuenez, 2005 eta 2006 urteetan Eliseo Gil arkeologoak zuzendutako taldeak 400 pieza baino gehiago aurkitu zituen inskripzioekin Iruña-Veleiako aztarnategian, Arabako Iruña-Oka udalerrian. Latinezko eta euskarazko testuak, sinbologia eta ikonografia kristaua eta eguneroko bizitzako irudiak agertzen zituzten; K.o. II. eta V. mendeen artean datatu ziren estratigrafiaren bidez. Piezak aztertzeko, Arabako Foru Aldundiak (AFA) aditu talde bat eratu zuen, Batzorde Zientifiko Aholkularia deitua. 2008ko azaroaren 19an AFAk faltsutzat jo zituen piezak, Batzordekide batzuen iritzian oinarrituta, eta egun berean kalera bota zuen arkeologo taldea.

Dena dela, esan beharra dago Batzordekide eta kanpo-aholkulari guztiak ez zirela bat etorri faltsutasunaren iritziarekin, eta iritziok, gainera, ez zutela oinarri zientifiko sendorik. Kontua da harrezkero alor ezberdinetako hainbat adituk txosten eta artikulu ugari atera dutela (horietako batzuk agiri honen sinatzaileak dira) faltsutasunaren tesia arbuiatuz eta benetakotasunaren aldeko argudio ugari eskainiz.

Nahiz eta AFAk frogatutzat eman zuen Iruña-Veleiako aurkikuntzak faltsuak direla, eta iritzi horretan oinarrituta kereilak jarri zituen 2009ko udaberrian Eliseo Gilen aurka, ustezko iruzurraren egiletzat hartuta, eta Oscar Escribano eta Rubén Cerdánen aurka, ustezko beste delitu batzuengatik, guk, aldiz, pentsatzen dugu Iruña-Veleiako aurkikuntzen benetakotasunaren auzia bizi-bizi dagoen eztabaidagai zientifikoa dela eta ohiko zientzia-foroetan erabaki behar dela eta ez epaitegietan. Esandako guztiagatik, eta auzipean dauden grafitoen ikerketa bideratu nahirik, ondorengoa proposatzen dugu.

1.- Iruña-Veleiako aurkikuntzak faltsuak direla deklaratzen duen 2008/11/19ko Foru Agindua zuzentzea.

2.- Goian izendatu diren pertsonen aurkako kereila kentzea.

3.- Grafitoak nazio arteko komunitate zientifikoaren esku jartzea, arlo bakoitzeko aditu onenek azter ditzaten, arkeometriakoek barne, eta azterketa horien emaitzak zientzia aldizkarietan argitaratzea.

4.- Arkeologo talde independente batek kontraste indusketak egitea, 2005ean eta 2006an agerturiko grafitoen antzekorik berriz agertzen den ikusteko.

Pentsatzen dugu Iruña-Veleiako aurkikuntzek, benetakoak izatera, eta ez dugu aurkakoa frogatzen duen inolako ebidentziarik, garrantzi ikaragarria dutela zientzia, historia eta kultura aldetik, eta ez Arabarako edo Euskal Herrirako bakarrik. Horregatik, irmoki eskatzen diegu Arabako agintariei behar diren neurri guztiak hartzeko aurkikuntza horiek gizateriaren balizko ondare gisa zainduak izan daitezen eta erraztasun guztiak emateko zehaztasun zientifiko handienaz aztertuak izan daitezen arlo bakoitzeko adituen eskutik.